lundi 26 janvier 2015

PANTZIKA PANPANA




Egun on deneri !

Ongi pasa ote duzue igande eder hori ?
Nik, segurik bai, nere bi lagun zahar bisitatuz. Bertze batian aipatuko zaizkizuet Hélène eta Yvette.

Gaurkoan, ikus dezagun, zer bizi modua billakatu zuen gure Errandoneko Pantzikak.
Berritz buruan hart dezazuen, ikus zazue orain ongi izagutzen duzuen familiaren potreta.






Pantzika, ezkerreko neska gazte hori da, bisari arrund arrundekoa.
Senidietan gazteena. Aïtatok erraten duen araberian, bere aïtaren faborita.

Ez omen zuen Pantzikak laneko gogo haundirik. Erraten duten arabera mingain txarrek, ez zaio egundaino atzari...
Dena dela, Errandoneko Pantzika neska gazte motel bat omen zen. Beti zerbait aitzaki ematen zuen zerbait egiteko eman eta ez lortzekoetan.
Nekatua zela, beharrezkoa zuela etxeko lanetan denbora gehio empleatzea, ez zin zuela, zer. Ez ez nahia, nabaldin baduzue, ez, ez, ez, beti bohondate haundikoa izandu da Pantzika.
Baino, ezin egina, horra, ezin...

Anai-arrebek errotzen omen ziren hareri nola bakean uzten zioten burasoak ikusi eta.
Xintxak zituela, ziminokeriak, eta eritasun haundiena alferkeria zuela !

Gizajo Pantzika.

Agorretako Karmenekin lagun ziren. Orroitzen zaizte Agorreta eta Errandonea auzokoak direla. Eta Errandoneko Joset gaztea, dela nere aïta, Agorretako Karmenekin esposatua.

Begira zizue bi neska gazteak :





Ez dakit justu noizkua den proteta hau.
Ama zena, eskuineko hori, Karmen Olaziregi, orduan ogei bat urte inguruetan iduri zuen.

Pantzika gaztego da. Orain larogei eta bost urte urbilduak izanen ditu. Eta ama zenak larogei eta ameka egingo zituen aurten, bizi balitz.

Sei bat urteen diferentzia zuten, zer.

Pantzika emazteki fiera eldu zen janeko.
Eta orain, Ziburuko Tottepiñ bere ahizparen araberian, egun bat kilo urbilduak ditu...

Baino hori, oraingo kontuak.
Denbora xahar horietan, aski neska pollita iduri zuen, izanik ere azkarra eta mutur haundia..

Hori, beti nere aïtaren solasak !




Pantzikak Behobiko Xarlo Lekuona izagutu zuen. Eta elkarrekin esposatu ziren.






Xarlo horek balentri gorra bazuen. Orain, illa da.
Baino orroitzen naiz ongi, zer zuen desafioka maite erakustia.
Piska bat edana zenian, kriston indarrak biltzen zituen. Bateri ero bertzeari  txistatzen hasten zen, zerbait eskarmento muntatzeko manerian.
Gehienetan, hitzetan gelditzen ziren desafioak. Eta beharrik...
Politikan maite zuen. Seko komunista zen Xarlo. Gorri kixkalia, erraten zuten bezala.

Inguruetan, Errandonekoek eta Agorretakoak, kanpaidar sinple batzuek ziren. Ez zuen bere gustuko kontrariorik atxematen Xarlok bere idariak zabaltzekoetan.
Orduan, bazituen bertze arremanak.

Maite zuen bere indarra erakustia. Besoetan bazituen dezinu batzuek. Arrantzalearen xixtema, barkua ur betean egonazteko, ez dakit nola deitzen den. Erdaraz, ancre, erraten zaio.
Eta delako "ancre" hura mugiazten zuen besoko muskuluak anpanziz.
Bertze muestra baliosko bat, eskaintzen ziguna maiz, bertze gisetako bat zen :
kadira bat jarri bere aintzinean, bera gibelean zutik. Eskuak bizkarrean lotu elkarreri. Aintzin aldera gorputza bota,  hortzekin artu kadiraren egurra, eta aupa, burua gibelerat botariez altxa kadira.

Gu, arrituak gelditzen ginen, zen eta ikusiez ikusiez, lehenbixiko arridurra lehundu zaukun.
Xarlo matrailetan animalizko indarra bazuen. Ikusgarria ditu gainerat matrailak. Begira zazue bere espos potret honetan.
Hortzak zaldi batenak bezin haundiak zituen. Eta lerden lerdenak.
Orduan, hartan zuen bere balentririk haundiena, Agorretarat etortzen zenian bisitarat.

Hazindak maite zituen. Beti, ehieko buelta egiten zuen, luzez begiratuz animale bakoitxa.
Orduan, esneko behiak ginituen. Aski mehe izaten dire gehienetan.

Gure Xarlok, momentu bat deus erran gabe konsideratuz bizkar xorrots haiek, ezpainak okertzen zituen.

" Zer nahi duk, erraten zion Aïtatok bere laneko erreminta defenditu naizik, hauk, aberastasuna errapian ditek"


"Ha la beharko, errantzuten zion Xarlo atrebitu horek, ez ditek beti bizkarrean eta !"

Aski arrazoinamendotakoa baizen gure Xarlo.

Bere emaztearentzat ere bazituen zer erranak.
Ez zuen familiko kondua ukatzen. Ez, hura ere, Pantzika alfer bat zela zion. Ez zela deusetan lotzen, ez batzean, ez aheztietan.
 Bazituzten Behobin bizpahiru oillo eta lapiñ.

Ongiz, Pantzika etxean gelditzen zen kasuan, harek behar zituen pazkatu. Bai to ! Erdietan ahantzi ez bazituen, sobera basa zela, ero bazka mozteko xega kamustua zela, beti bazuen zerbait arrazoin ez egiteko egin behar ziren lan pizarrak.

Xarlo errotzen zen, eta badut uste zonbait zapetako ere banakatzen zizkion.

"Ez zakiek ere zonbait oillo dituen etxean panpana zahar onek"

Zer goxotasunak emazte-senar artean ! Ez da ala ?

Beti hola aipatu dute gure Pantzika. Gaizki partez.
Agorretarat, ingandetan maiz etortzen zen bere koñata bisitatzerat, kapesne katillo bat ero bertze ustuz. Gormanta zen, eta maite zituen asko gozotasunak.

Urteak pasa alian, piso ederra atxeman du. Baino beti maite ditu gozotasunak, eta orain trabatua izanik ere adineko soketan, beti jatekoari azkar lotzen da. Fotoilla aski ongi beteratzen du, tripa zahar guria, belaunetaraino eroria.

Eta ez zaio bere Pantzika Panpana izena ukatzen ahal...

Bertze batean, aipatu behar zauztet Pantzikaren koinata bat, Maïte Lekuona, Xarlon anaï batekin esposatua.
Auzokoa dugu eta. Atxoenekoa. Mizelen arreba.
Orroitzen zaizte Mizel ? Atxoeneko Mizel nere Karraron lehengo jabia zen. Karraro exteko traktora da, orain.








Emen duzue heiaren puntan. Kondatuak beharrak zauzkizuet gure traktoren istoriak.
Bertze batean...



Errandonetik eta Agorretatik ez gaitu asko urrunazten Atxoeneko Mizelelek.
Eta merezi du momentu bat hartzia.

Begira zizue Atxoeneko Maite eta Mizel, nere aita-amen esposetan.





Ale, bertze batentzat uzten ditut Maïte eta Mizel.
Ez dire direktoki famililkoak, baino ala balitz bezala.

Gaurkoan, joan behar dut zakurrak ateratzerat.
Ez dire burutzen ahal eta, ez ba dute egunero kanporat aldi luze bat ematen :





Begirazizue. Egiazki ateratzeko beharretan direla sinailia dute ez da ?

Ba ! on egingo zaugu deneri aire piska bat hartzia arrats buruz.

Segi zazue ongi eta bertze bat arte !




lundi 19 janvier 2015

ERRANDONEKO LEON




Egun on deneri berriro !

Ikusten duzuen bezala, lehengoan faillu egin baldin badut gure gomitari, gaurkoan berantatuak arrapatzen saiatzen naiz !

Goazen berritz lehengo urte xahar aitarat. 
Errandonean, bost seniretatik lau etxetik kanpo joatekoetan dire.
Anton,  ainaietan zaharrena, bertan gelditzen da aitamen etxean, Margerit Iturriarekin esposatu eta.
Tottepiñ, lehen sortua, laketua da Ziburun Pantxoa arrantzalearekin.
Orainguan, Leon dugu gai. 
Hirugaren seniria Joset da, nere aïta, baino hura azkeneko uzten dut, luzez mintzatzeko.
Joset eta Leonek emezortzi illabete dute adinian diferenzi. Biek elkar ongi eramaten dute.

Joset mutil prestoa da, baino ez sobera kuraiosa. Etxetik urrun, ez da fio.
Urte haietan, mutil asko abiratzen dire Ameriketarat, han sos asko egiteko manera badelakoan.
Zirkuitoak badire eta nahi duenentzat, aski erres da joaitia.
Baino joan egin behar...

Errandoneko Leon mutil gazte atrebitua da. Mundua izagutzeko inbidiak betetzen dio burua. Baserriko bizia ez zaio sobera gomeni. ez da hartakoa.
Errandonean, bizi modua kanpain gehienetakoa da. Leon bertze zerbaitez amets egiten du.
Amerikak ditu buruan. bertze bizi bat. Bertze mundu bat.

Leon gazte gazterik deliberatua da Euskal Herritik kanpora airatzerat.
Begira zue Leon :





Begiak haundiak ditu, eta begitarte zuzena. Ezpainak erdi idekiak, zerbait errateko balu bezala.
Eta, egiazki, janeko, baditu idari asko buruan bueltaka. Eta nola bertze bi anaiak Errandonean ero inguruetan laketzekoetan diren, ez du dudarik. Joango da, eta Ameriketarat joango da.

Han, gehienek bezala, artzainkuan asiko da. Mendiz mendi, zaldizka, ardi eta behi tropak harat eta honerat bidaltzen. Egunak eta egunak mendian, batzuetan bakarrik, bertzetan bizpahiru lagunekin.

Hala asi zuen Leonek bere karrera Ameriketan.
Baino badakizuen ez zuela hartan segituko. Ez zen azindetako gizona. Errandonean beharrezkoa zelako egiten zituen baserriko lanak. Aïtak ala manatzen ziolako. Baino egundaino ez zuen hartako afikziorik senditu.

Aski fite, artzainekoa utzi eta bere burua enpleatu zuen plomeriko afera ttiki batean. 
Nevadan, Renon, atxeman zuen bizi modua ateratzeko manera.
Gerlan segidako urteak ziren. Langilea zenentzat, auro sosa egiteko manera bazen. Eta gure Leon ez zen alferra.
Badakizuen zer nahi zuen. Orroitzen zen zer miseriak izagutuak zituen haur denboretan Errandonean. Eta ez zituen inundikan ere berritz izagutu nahi.
Deurru bat bezala lotu zen lanari Ameriketan gure Leon.
Aski fite, bere afera muntatu zuen, beti plunberian. Aski inpresa pollita billakatu zen "Leon Legorburu Plumbing".

Lanetik aparte, Fontarrabiko emazte bat izagutu zuen. Karmela. Ohartgarria dena, Karmelak bazuela ahizpa bat, Lola.
Eta Lola horek nere amen anaiakin, Nikolas, esposatu zela berantosio, Ameriketan beti.
Baino hori denak ez nahastekotan kondatuko zauztet bertze batean.
Gaurkoan, Errandoneko Leon dugu gai.
Ez dut heien esposetako protetarik.

Erakusten zauztet ala ere Karmela, Euskal Herrirat etorri ziren batian bere senarrarekin.





Erdiko emazteki elegante hori da. Nere Agorretako aïtatxi eta amatxirekin, Iñazio eta Manuella. Zen eta orduko, nere aïta Errandoneko Joset, Agorretarat esposatua zen Iñazio eta Manuellaren alabarekin, nere ama Karmen, Agorretakoa.

Ez dakit, ongi segitzen nauzuen. Agorreta, aman extea zen, eta Errandonea, aïtana. Eta biek auzokoak. Hortik denak bat bertzeari nahasten dire.

Leon eta Karmela bizpahiruetan etorri dire Euskal Herrirat. Aste batzuek pasatzen zituzten, bakantza gisa.
Guretzat, egiazki Amerikainuak ziren. Animalezko automil luze bat alkilatzen zuten. Jende haundiak bezala beztituak ibiltzen ziren. Aberastasunen sinaile guziak ematen zituzten.

Inbidi piska bat pazkatzen ginuen. Amerikak bertze mundo bat iduritzen zaikuten eta.
Baino gure Leon, izanik ere seko Nevadan laketua, izanik ere aitz kontent bere bizi moduaz, gure Leonek beti malkua urbil izaten zuen Euskal Herrirat berritz etortzen zenian.

Janeko ikusiak dituzue bi potret hauek. Berritz eskaintzen zaizkidizkizuet.























Ikusten duzue Leonen irriparra, gazte denborakoa bezalakoa dela.
Euskara piska bat galdua zuen ainbeste denbora emendik urrun iraunez.
Maiz, zerbait hitz billatzen zuenian, erraten zuen, "Anyway", errateko manerian, ez zuela inportantzirik. Baino minberatzen zen mintzari galtze horen gatik.

Nik inglesa eskolan piska bat ikasia nuen, eta ahal nuen bezala egiten nuen interpreta.
Hiru anaiek ez zuten beti susen elkar ulertzen, baino han ero emen zonbait "Anihai", botariez, segitzen zuten kataskan inglesa eta euskara ederki porrokatuz !

Orain, hiru anaietatik, bat gelditzen da. Joset, nere aïta.
Denbora gutxin barne, il ziren Anton eta Leon. Leon urrun, Renon. 
Anton berritz, Errandonean bertan. Bere anaiatik bizpahiru metroetan.

Eta ala ere, biek elkar aserretzeko manera atxeman zuten. Bi kaskar beltzak. 
Azkenian, nere aïta joan zelarik bere anai eria bisitatzerat, sobera beranta zen. Anton bizi zen, bai, baino burua ez zuen gehio emen. Begiratze utx bat eskaini zigun. Iltzea baino beltzagokoa.

Zer pena... Anaiak, odol berakoak, eta bizpahiru txorokerin gatik apartatuak, elkarren ondoan bizirik ere !
Zer egin behar da... Holakoak dire familiko arremanak. Arrazoinetik urrun pistu eta itzali egiten dire heien xuak.

Anaietan, Joseten istorioa falta zaiku. Erran zauztet, azkeneko utziko dut.
Bertze aldian, Pantzika aipatuko zauztet.
Gure Behobiko Pantzika Panpana, erraten diogun bezala.
Behazue, bere espos egunian, eta atxiki zazue buruan.





Pantzika eta Xarlo Lekuona, Behobikoak.

Bertze aldirako gaia.

Orain, iduzki pitta batek lehertu ditu lainu beltzak, eta behar dut nere hiru zakurrekin aprotxatu, bertze eraso bat etorri baino leheno.

Egon zaizte azkar, eta bertze aldi bat arte !




NEGUA SARTU ZAUKU




Nun dire lehengo asteko denbora zoragarri haiek ?

Gaurko hau astindua ibilki da. Aize hotz boladak eta euri ehasoak nuiz nahi.




Oraintxet behertan aditzen ditut kazkar pikorrak teillatuaren gainean potikoka.
Eta gu, emen, jende eta animale, gozo gozo etxe zahar honen pareta lodien gehizean.

Ortziraileko hartua ginuen eguna. Baino ez dakit nundik norat, erdaraz lotu naiz nere bertze kronika honetan, eta ez dut astirikan izandu.
Zen eta asten naizenian, ezin gelditua izaten naiz... Konparaziotat, horen bat badutela hartzen dut buruan, eta denbora airian pasatzen nau elkarrekin hola kalakan hasten genian !

Ain naiz ongi emen idazten lotzen naizenian. Barkatu beharko nauzue beraz nere luzetasun ero failuak. 
Lagun artean bezala behar dugu elkar antollatu. Batenak eta bertzehenak ez sobera punttuetan segituz, ez da ala ?

Dena dela, gaurko hontan, emen naiz, zuek denekin. Ero hikin, bakarra baldin ba haiz. Eta ez baldin bada iñor, nere buruakin, karaz, kara.

Giroa barrenian egoteko obena da. Gure Jaizkibel zaharrak ahal dituenak eginik ere, ez ditu laino tzarrak geldizitzen ahal.






Kara beltza erakusten zaiku.
Zeruak fite aldatzen dire, haize zakar honen bufadekin.

Beharrik ez dutela deus presakorik kanpoan egiteko gaur...


Eta bihar, biharkoak !







To, barreneko arremanetan garen kasuan, erakutxi behar zauztet nere kui ederra.

Badakizue baditutela zonbait behi. Eta heiek pazkatzekoetan negu denboran, egiten ditut zonbait kultur Agorretako lurretan.

Belar idoretik gaine, ematen diotet nere behieri jateko fresko pitta bat. Ongi sendi dezan nere damak...
Egiten ditut aza arbia, eta beterraua. Lehengo urtean, nere aza arbi landa, egun batzuen barne seko konsumitu zen. Eta gelditu nintzen, deus jateko freskorik gabe negu sartzean. Zer pena ! Ain ongi etorria zena nere arbi ederra !
Zer nahi zue, hola da kanpaindarren bizia. Naturalezak manatzen du, eta haren arabera egin behar...

Beharrik, nere senarra Landestarra dut. Eta han egiten dituzte ektarak eta ektarak karrotez. Bastanarrea, erraten dela justu iduritzen zait. Baino nik, karrota erraten diot. Nere euskera ez dela seko akademikoa ohartuak zaizte aspalditik, segur naiz.
Hortaz ere, barkamenak galdetzen zaizkizuet. Lagun artean... tatati eta tatata, badakizue !

Orduan, gizon on honek, lehengo negu beltz hartan, ekarri nauzki besatraka karrotak, sobera haundiak ero gaizki formatuak zirenak jendeeri saltzekoetan. Aprotxatzeko manera neretzat, eta nere behi gaixoentzat nehu guziko jateko ona.
Aditu behar ziren, karaska karaska, karrota jaten. Egiazki gustokua zuten, eta ikusi behar zen ze pelaje lehun lehuna bildu zuten lehengo nehu hortan, ainbeste karrota janez !

Aurten haatik, ez nuen pintura bera izagutu nahi. Arbia utxa egiteko partez, nere kulturak dibertitu ditut.
Egin ditut bi klase aza arbi, paristarra eta emengoa, betterau gorria eta ferdea. Aski ongi eman dute.
Hoiken gain, erain ditut xoro bat bete kui azi. Hori bai gauza errexa dela ! Maiatzen hastapenean aziak bota, bizpahiru antxur aldi pasa, eta illabete baten barne landareak lurra tapatzen dute. Hortik aintzin, ez dute deusezen lanik galdetzen. Zer errestasuna !
Harritzen naiz nola ez den gehio kuia enpleatzen animaleak pazkatzeko negu partean.
Nik, eremu ttiki batean, gutxi gehio ektar baten amarretik batean, 200 kui eder bildu ditut. Denetatik erainak nintuen. Arrundak, luziak, ferdeak, gorriak, izaten ahal den kui klase guztietatik.
Zer edertasuna, loditzen ari ziren ahalian fruituak baztertzen zitutenian osto zabalak ! Orduan ez nintzen potretetan atrebitzen orain bezala. Bertzeala, segur erakutsiko nintuela deneri nere kui ezin parekatzekoak !

Kui guzi horiekin pazkatu ditut nere sei behiak abantxu lau illetez, belar idorretik gain.
Eta aste honetan, asi behar dut azkenekoa.
Ederrena. Deneri erakustekoetan orain arte atxiki dutena :






Ikusten duzue  kui hori ?  Jakin zazue bazterreko biek ogei eta amar kilo inguruan direla. Hau ez dut pisatu. Iñork ez du altxatzeko talenturik izandu, inguruetan diren balentrietako denen artean...

Nehorrek landatik ekartzeko aski lan izandu dut. Baditu metra bat eta gehio luze, eta larogei bat zentimetro alturian.
Saietsian ikusten diozuen marka horiek, behi baten asikiak dire. 
Kuiak urriaren erditxuetan sartu nintuen. Orduan, oraindikan behiak kanporat ateratzen nintuen egunero. 
Nere ustez, aski gehizatuak nintuen nere kuiak, ehiaren puntan. Baino, nere Pintta Mona, (geroxio aipatuko zauztet), behi betroin lotxarik gabeko bat, lepoa luze luze tiratu eta alletu zen azalari kroska bat egiterat. Eta gehio ere, ni ohartu baino leheno zertan ari zen nere behi gormanta !

Beharrik, nere kui ederra bere burua defenditzeko indarrak atxeman zituen. Azala berritu zuen asiki egina zuen tokitik, eta ikusten diozue bere gerlako sinaileak.

Azken egunetan dago nere kui erreina.
Auskalo elduden urtean bertze holako bat azitzia lortzen duten...

Oraingo emen uzten zauztet.
Ez dut burutik ahantzia Legorburu seme alaben istorioa.
Laster hartuko dugu berritz heien berri.

Pasa zue ongi eta laster arte !

mercredi 14 janvier 2015

ANTON BUKATZEKO




Egun on irakurtzaileak ! (baldinbadire beñepin)



Iduritu zait azkeneko artikulu hortan Errandoneko Anton fitesko aipatu nuela.
Gizonak gehio mehezi du kondatzia.
Nik izagutu dutenian, gizon gaztea zen oraindikan. Baino denbora haietan, aitz gutxi elkar ikusten ginuen explikatu zauzten bezala.

Denbora pasa alian, haren orroitzapenak bildu ditut.
Eta egiazki gizon maitagarria izaten ahal zela uste dut. Baino bai ere aski mingain xorrotsekoa.

Hiru Legorburu anaiak gutxi gehio alakoak ziren.

Behazizue beren gazte denboretan :





Mutil ederrak ematen zuten. Anton, eskuineko hori, piska bat ametxetan galdua, ez da ala ?
Zerbait arridur balu bezala buruan.

Badut uste zen baino ergelo erakusterat ematzen zuen bere burua. Bertzeak ez desfiatzeko maner batian.
Pito izatetik urrun zen gizona. Alukeritan ari zelarik, aski fiñak eta aproposekuak botatzen zituen idariak.

Maite zuen asko bere izagunen mintzari eta jestuak imitatzea. Eta hartan bazuen talentu ezin ukatua.
Elkarzen zirenean bizpahiru, han lotzen zen batena eta bertzeena ziminatzen, denak irriz erdi lehertu arte.
Humore haundiko gizona zen Anton.

Baino gehienen gisa, asko gustatzen bazaion bertzeri trufa botatzia, berari eldu zitzaionian zuzenean, auro pozoinatzen zen gizona ! Eta orduan, adios irriak eta bertze, bizkarra eman eta aira berian alde egiten zuen ! Sentikora izango zen eta...


Gaur goizen atxeman ditut bi potret ahantziak nintuenak armario zoko batean.
Zueri erakustekoetan atera ditut.






Emen, hiru anaiak eta beren aïta,
nere Aïtatxi Haundia.

Errandoneko gizonak.

Maiz bezala,  elkarrekin muntatzen zirenean, ardo edaten.

Amattok erraten zioten bezala :
"zuek, beti zurrutari emanak, funtxik gabeko kristabak !"

Jujamenduak ez zituen sobera eztiak, nere ama zenak...

Emen Aïtatxi janeko aski ttikitua zen. Hiru semeak baizik, indar betean !






Eta hor, 1998an, beti hiru anaiak orden berian. 
Eskuinetik ezker, zaharrenatik gazteenarat.

Ikusten duzue Antonen irri zabal hura.

Eta sinest zazue, ikustetik gainerat aditzen zenean, ez zela serios egoteko manerik haren aldean.

Erdian Aïtato, Joset, eta bazterrean Leon.

Hau Ameriketatik etortzen zen noizian behinka.

Hiru anai, azkeneko aldikotz elkarrekin.




Horra, horiek nahi nintuen erakutsi gaur.

Arratsaldean lanerat joan beharra naiz Baionarat. Eta bihar egun osoa.
Orduan, istorioaren segida ortzirailean eskainiko zauztet.

Gaurko hau ere egun ederra eldu zauku. Hart zazue ahal duzuen iduzki eta argitasun gehiena.
Negua aintzina joanik ere oraindikan ez gare haro txarraretik gehizatuak eta...

Laster arte eta ongi segi !

lundi 12 janvier 2015

ERRANDONEKO ANTON




Egun on deneri !

Agindu bezala, emen naiz berritz.

Agorretako zerrian lanak eginak dire. Odolkiak plantta onekoak atera dire, eta aurtengo xermoniak ez dire lotxagarriak izango. Beharrik, hortan ateratzen da eta gure fama...

Lehengo denboretan bizpahiru emazte joaten ziren etxetik etxe zerri lanak egiterako. Aldiero besta bat izaten zen. Zerria iltzeratik azkeneko pazina garbitu arte pasatzen ziren zonbait egun. Denek elkarrekin jan, soberasko edan, eta zerriaren erdia auzotarat partitu. 

Gelditzen zen hura iraunazi familia pazkatzekoetan urte luzian. Ematen du aitzaki bat zela elkar muntatu eta denbora ona gozatzeko.

Gaur egun, egun erdi batez denak pleatuak izaten dire. Baino, ala ere, momentu on bat izaten da. Eta, nere bi illobekin, aski gustoz aritzen gara gure zerri lanetan, urtean behin.


Goazen orain Errandonerat. 
Legorburu familiaren ganat.





Eskuin, Tottepiñ. Ikusi du lehengo aldian nola Zibururat esposatu zen Pantxoa arrantzaliarekin.


Gaur, bere saietsian duen anaia, Anton, aipatuko zauztet.

Anton gelditu zen Errandonean. Etxeko seme zaharrena zen. Orduan, kanpaina hareri tokatzen zion.

Esposatzeko adina atxeman zuenian, gehienek bezala, auzokoen buelta egin zuen. Mañuntzia zen piska bat Anton, eta ez zen nola nahi konformatzekoetan. Endaian bertan baziren ba ogei eta amar baino baserri gehio. Eta bakoitzetan seguraski bizpahiru alaba.
Baino gure Anton betitik mutur fiña eldu zen. Eta urruntxio bota zituen begiak zerbait bere gustokoa atxematekoetan.

Urruñako Iturria familian suertatu zitzaion Maragarit gaztea. 
Iturria alabak inguruetan ziren neska pollitenetarik ziren. Margarit eta Pilar, bi panpiñ egiazkoak !

Begirazue Margarit eta Anton beren esposetan :





Ez ote dire ederrak biek ?

Margarit, nere izebak, iduri du porzelenazko pupetta. Bisari lehun hori, kupeta, mazelak, kokotxa, dena liso lisoa. Ematen du antollatua dela ain da failluk gabia.

Orain ere Margarit aski emazte xahar pollita da. Baino segur denbora haietan, mutil gehienek amesten zutela begi beltz horiek beren alde birazizia...

Dena dela, Errandoneko Anton izandu zen autatua. Eta Endaiako Legorburuek eta Urruñako Iturriak familiko bihurtu ziren.

Margarit lanian usatua zen. Errandoneko lasaitasuna ez zuen begi onez ikusten. Baino neska gazte ixil bat zen, eta aski fite, etxeko nagusiaren pleura beretzat hartu egin zuen.

Mayi, amañarreba, illupa zen. Baino ez zen emazteki gaxtua izanen. (Nere amari galdeturezkio, baietz zion,  gaixtua eta faltxua gainetik, omen, baino ez naiz segur gauzak klaroki partitzen zituela gaizo emaztekiak...).

Errandonean bertze anaiak fite partitzekoetan ziren. Leon Ameriketarat. Joset, nere aïta, Agorretarat. Pantzika ere laster atera zen etxetik.
Hiru horienak ikusiko ditugu bertze batean.

Gelditu ziren orduan Errandonean Gabriel eta Mayi, zaharrak, eta Anton eta Margarit, jaun andreak.

Endaiako baserri gehienetan bezala behiak zituzten. Esneko behiak. Eta goizetan, esne partitzen ibiltzen ziren etxeko emazte eta haurrak.
Handik ateratzen zuten beren bizia. 
Gure Margarit fite haur egiteko jarri zen, eta izandu zituen hiru mutil.
Errandonekoak jende lirain mehe batzuek ziren. 
Gu, Agorretan denak zapalote batzuek. 






Hauk dituzue Agorretako Olaziregi familia, eta Joset Legorburu Errandonetik etorri eta Karmenekin familia muntatua, 1966an.

Joset neska ttiki bat bere besoetan duena da. Eta neska ttiki hori... ni !

Baino hori gero kondatu beharra zauztet.

Momentuko Anton eta Margarit esposatu dire Errandonerat :



Emendik aintzin, historioa, Errandonean, Agorretakoak erraten duten araberakoa da.

Joset armadan ibilki da. Handik lekorat, Agorretako Karmen Olaziregikin esposatu eta bere aïtañarreban baserrirat etorriko da.
Bi familiek ez dute sobera jendetasunetan denbora galtzen. Joset seko Agorretakoa jarriko da (Amatton araberan ez baldin bada ere "emengoa"!).

Dena dela Errandonekoak beren alde ari dire. 
Esne partizen goizero bi koñatek elkar ikusten dute. Baino hitz gutti. Ahal den guttiena. 
Nere amak ba dut uste inbiri piska bat pazkatzen zion Margariteri. Zen eta hura emazteki fin pollita gelditu zen haurrak izandu eta ere. Amatto seko panpana lodi baterat bihurtu zelarik !
"Anka mehe", deitzen zion gure baitan bere koñatari Karmenek.

Ohargarria zen partikulazki sasoin honetan bi emazteen griña.
Zerri hiltzetan bi etxetan zerri hiltzaile bera ginuen. Jean Doxagarat. Eta hura agertzen zenian, ba dut uste gure amak piska bat burua galtzen zuen ! Seko nahasia ibiltzen zen...
Ispilluan aintzinean illiak orrazten hor ikusten ginuen, egundaino bere buruari ez zuen kasurik ematen emazte hau !
Eta ikusi behar ziren zonbait mañ egiten zizkion : "Kafe urrupa bat Jean ? Azukre bat ero bi, zuk erran ?"
Irri eta ziminokeri asko... 
Baino gure Jeanek bazituen begiak. Eta Karmen eta Margariten artean autatzekoetan, ez zuen dudarik egiten.
"Gure Margo" aipatzen zuenian, boza eztiez luzatua, Amak xu hartzen zuen, zen eta ahal zituenak egiten zituen, ez erakusteko zoin zimiko latza ematen zion bere koñaten izen utxak !

Zer nahi zue, betitik eta betikotz, emazteen artean gerla bera izandu da, gizonen bihotza txorazitzeko !
Eta naturalezak gutxixio armatu dituenak bertzeari begiak errotik ateratzeko prest...

Bi koñatek urtian behen bisitatzen zuten elkar, urte berrietako. Ero bertzeala zerbait okasione haundiko. Hortik kanpo, buru mugimendu ttiki bat eta paso !

Bi anaiak heiek baso arno batzuek edatekoetan elkartatzen ziren Errandonean ero Agorretan. Baino nola emaztekiak errita ematen zioten aira berian, bakan gertatzen ziren elkarrekin.

Anton hura gizon humorekoa zen eta mingaina ez zuen alfer. Beti bertxuetan maite zuen aritzia.

Orroitzen naiz, zer irriak botatzen ginituen etortzen zenian Agorretarat, zerri hiltzetan, justuki.
Suertatu zen behin zerri atxikizaile batek erran ziola :

- Adizak,  Anton, iñoin, ez diet ikusi Errandonean bezala, emazte bat arbi jorran, gizona ipullarrean egon zelarik.

Erran nahia zuen Anton alfer bat zela. Emazteari eginazten zituela lan bortitzenak.
Mutil zaharra zen mintzatu zen hura. 
Gure Anton ez zen luzez ixillik gelditu :

- emaztekia ariazi zendu... duenak !


Ederra botazion atrebitu hareri !
Denak irriz lehertuak...

Eta holako asko kondu izaten ziren gure Antonekin. Irria zabal egiten zuen, eta neharrez ari arte jajaja ez ginen gelditzen.

Gure gizajo Anton zendu da, orain. Baino haren istorioak oraindikan ere irria soraztzen gautuzte izagutu dueneri.

Emen bukatzen dut gaurkoa. Orroitzapen pollit horekin.
Urrunguan, ikusi behar dugu nola moldatu zen Leon, Amerikainua...

Ongi ibilli eta urrungo arte !








Hau opariatzeko gaur goizeko edertasuna, Anton zenan irria bezin betia.

vendredi 9 janvier 2015

Joseten arreba zaharrena : Tottepiñ




Egun on lagunak !


Gaurko hau ederra eta epela eldu zauku.

Goizian goiz, Larrun amak, laño gorrantzak ekarki zituen. Hori, ongiz, euria ez dela urrunen sinailia. Denborak erakutsiko...





Izanik ere denboran txanda, gure Larrun nik betikoa dut. Eta nahiez beti, betikotz...



Hortaz asizkio, goazen lehengo denbora xahar haietarat.

Orroitzen zaizte, 1950an gutti behera, Errandoneko Legorburuek, famili ederra baterat muntatuak zirela :





Erdian jarrita Mayi eta Gabriel Legorburu, neretzat Aïtatxi haundia eta Amatxi mamia.
Eta zutik, haurride guziak, ezkerretik eskuin : Pantzika, Leon, Joset, Anton eta Tottepin.

Gazteenetik zahareraino.

Aïtatxi eta Amatxi Errandonekoak ez ditut asko izagutu. Bi baserriak auzokoak direla badakizue. Baino bi familiek ez zutela elkar aitz ongi eramaten ere bai.
Pentsa zazue nola muturra okerrazi zioten Joset Errandonekoa eta Karmen Agorretakoan esposak !
Baino hori geroko.

Dena dela, ala ere, noizian behinka elkar kruzatzen ginuen. Igandetan, tartezka, nere izeba Pantzika etortzen zen bisita egiterak Agorretarat, bere koñatan gana. Eta Agorretatik lekurat Errandoraino joaten zen, bere burasoak agurtzerat.
Bakan, berekin eramaten zian, Amattok ametitzen zuenian. Ni kontent izaten nintzen piska bat etxetik ateratziaz.
Baino Errandonian, ez nintzen luzez laketzen. Amatxi mamiari muxo bat eman, tximeneko fotoil alto batian zen lekuan, eta aski fite zangoak egiten nintuen etxe alde.
Aïtatxi eskolatik lekorat ikusten nuen maizena. Eskolako bidea Errandonetik urbil pasatzen zen. Eta ni etxerat sartzeko tenorean, Aïtatxi maiz han ero emen izaten zen. Behi guardi, bere makil luze batekin, gehienetan.

Piska bat beldur emaiten zian egia errateko. "Nola haiz, kopetta illun beti ?" galderatzen zian irriz. Ez nion errespustik ematen, eta pausua luzatuz segitzen nuen nere biria.
Bazuten Errandonean zezen bat, eta animale kankar lodi harek ez zian sobera prestoa iduritzen. Nahio nuen urrundik ikusi zen eta urbilletik. Nere buruan, Aitatxi haundia eta bere zezena elkarrekin kuplatzen nintuen, eta izan bat ero bertzea, nahiago ninten urrundik ikusi...

Odolean sartua baiginuen Errandonekoekin ez zela fiatzekorik !
Aïtato bera, nundik ero handik etortzekoetan Errandone aintzinean gertatzen zenian, ez zen luzez egoten. 
Burasoak zaharturik, anaïa, Anton, zen Errandoneko nagusi. Baso bat arno edatea konbitatzen zion Joseteri. Biek aski emanak zien arnoari, eta han partitzen zituzten baso bat baino gehiago ere...
Agorretarat agertzen zenian Joset, Karmenek ez zion barkatzen. Oiju eta marruma aritzen ziren biek. Karmen ez zen erres laisaitzen eta...
Ordutik, Josetek, Aïtatok, nahioagoa zuen ez bere anderean erritak aditzetik ez sobera anaiakin gelditu.
Zahartzerat, bi anaiek aserratu egin ziren. Antonek burua galdu eta finitu zuen, eta azkenian Josetek deliberatu zuenian bere anaia ikusterat joaitia, sobera beranta zen, ez zuten elkar solas egin izandu.
 Nere iduriko, pena haundia, baino badakizue familietan maiz hola gertatzen direla gauzak.

Leheno erran duten bezala, Aïtatok, ez zituen estimu haundian bere burasoek. Haur denboran gosia pazkatu geroztik. Haurrek etxean tripa utxak korrinkaka, eta aïta familikoa bestetan, omen...

Ama seko bere senarraren itzalean bizi zen, eta ez zituen etxeko aferak eskuetan hartzeko paradarik hartzen behin ere.

Dena dela, neretzat Amatxi mamia emazteki xahar goxo pollit bat zen. Aski zahartuta ill egin da. 86 urteetan paralizi atake batek jarrita utzi zuen. Baino 92ak arte bizitu da, ederki ttikitua baino beti han, xutondoan neguan, betiko fotoil haundiartan erdi galdua.

Bost anaï arrebetatik, Anton, mutilletan zaharrena, gelditu zen Errandonean. Orduan ala izaten zen gehienetan.

Joset badakiduzuen bezala Agorretarat esposatu zen.

Baino egin zaun gauzak ordenean, eta gaurkoan, erakutsiko zauztet Tottepiñen esposak :





Ikusgarria da zoin ittia zuten ama alabek ez da ala ? Bisari ber bera zuten biek.

Tottepiñ goizik ateratzen etxetik. Hura ere miseriari iheska. 
Amahiru urte omen zituen asi zelarik lanian Ziburuko Gol Hôtelean.
Neskato gisa plazatu zen famili batean eta Maroketan ibilli zen bizpahiru urtez.
Handik etorri eta Euskera ahantzia omen zuen !
 Maiz galderatzen omen zioten "Zer erran da ?" errateko partez, "Nola erraten da ?"

Seko kanpokoa jarri zen Tottepiñ. Lehen bai lehen, haurridetik zaharrena zen kasuan, esposatzerako atera zen Errandonetik.
Senarra Ziburuko Pantxoa hartu zuen, eta han atera zuen bere bizia.
Gaur egun, Tottepiñek 90 urte inguratuak ditu. Bere aman bisaria du beti. Baino hura seko konsumitu zelarik, hau ehun kilotarat urbildua gelditzen da.
Atxo peza kozkor bat. Daldarizak hitzak nahasten zaizkio, eta ez da beti erres konprenditzen zer erran nahi duen.
Alargundua da. Pantxoa, "Pitoikek" erraten ginion bezala, zendu zen, arrantzari bere karrera eskaindu eta. Mundua korritua zuen, eta maiz aipatzen zituen Dakar eta beste Afrikako konduak. Atun arrantza eta zardiñ biltzea.
Barkoa Sokorri zuen izena. 
Bere koñadoaren arabera, "Barko ederra, harek erraten zuen ederrrra, r guziak aski luzatuz aboan, baino, barrenian, gizonik ez !"
Horiek behobiko Xarlon hitzak ziren.
Gerosio ikusi beharra du Xarlo hori.
Pantxoa dugu gai gaurkoan. Bi gizonak maiz aritzen ziren politikan berri, alegia eta jakintsunak.
Nola ez ziren beti akortatzen aserretzeko urbil ibiltzen ziren.
Orroitzen naiz behin, familiko afari batean nola erran zion Pantxoak Xarlori :

- Et dis-donc, ici, il n'y a pas écrit con ! bere kupeta erakutsiz.

Segunda berean izandu zuen errespusta :

- Non, mais il y a la place !

Pantxoa kasko xoila zen adinez aintzin alian. Bi koinadoek erdaraz aritzen ziren mintzo, zerbait tema kulturala ero politika zutenean.
Kanpaindaren gauzetan berritz ari zirelarik, euskaraz. Ze nuanzi delikatoa, ez da ala ?

Dena dela, geldi zaun Pantxoarekin.
Gizon dottore bat, beti ongi emana.
Gu bezalako kanpaindarendako, seko iri haundietako gizona.

Gure Tottepin bakan agertzen da Agorretarat. Telefonoan egoten da bere anaiakin. Nola honek ez dizkion erdiak konprenditzen, ez da erres justuko berriak jakitia !

Bah, ikusia dut berriki, eta ez diot bate ere itxura txarrik atxeman. Beti bete betea iraunten du, eta bisaria aski lehun.

Goraintziak gure Tottepiñeri !
Eldu den aldean, aipatuko ditu Anton eta Margarit, anaïetan zaharrena eta bere emaztea.

Bihar Agorretan zerri iltzia dugu.
Ez dut astirikan izanen emen idazteko.
Ez kesa, ez naiz urrun ibilki ala ere.

Pasa zue denek aste buru on bat eta laster arte !

mercredi 7 janvier 2015

CHARLIE HEBDO



Gehienak bezala atzo arratsean ikasi dut berri beltza.

Eta gehienak bezala hastindu daizki nere bizi ttikiko ertxitasunak.

Baino zenbat denborentzat ?

Aldiero bezala, sesidura apalduko da, eta bakoitsak gure egunerokoeri emanen ditugu gure indar gehienak.

Beren odolean unkituak diren heiek betikotz jua dire eta heientzat ez da hanzterik izanen.


Bakidugu Euskal Herrian nola gazteria errozitzen errexa den ideal baten izenean. partikulazki esperantzak begitatik galduak dituenean.
Eta momentu honetan gure mundu modernoak, esperantzak itzaliak ditu, tapatuak eta nahasiak.

Terrorismoa, zer nahi ideiaren gibelean, beti sos eta indarren arremana izaten da. Hori ere ongi badakigu Euskal Herrian.

Egiazki nahia beharra izaten da ustelkeri horreri zainak moztutzia. Eta erremintak hortarat lortzeko garestiak dire.

Baino atxiki buruan holako bortxakeri eta iltze eraite dutenak odolean sartua, goiz ero beranta, nor nahiri kontra asikika lotuko direla. Beren ustez kontrolatzen dituztenan kontra ere, azkenean. Beren bizia baino gehio estimatzen dute beren ustez justu duten borroka haundia eta.

Eta guk, gure bizi ttikia dugu, denen gain, nahi gehizatu. Eta hartarako, begiak itxi eta egon nahio.

Ni hortarik naiz. Denek bezala bizpahiru orenez eskarmentatuko naiz. Denek bezala gauz horiek ez direla ametitzen ahal eta egin ahal guziak egin behar direla geldiaztekotan errango dut.
Han eta emen, gizonen buruak, ollasko batenak bezala, erortzen direnean, 2001ean bezala illak pillaka kondatzen direnean, orduan bai emozioak unkizen ditu pentsaketak.
Baino ez luzez.
Nahinuke pentsa munduko nagusiak denak ematen ditutela gaitz beltz hortatik gure zibilizazioa atetzerako.
Baino iduritzen zait badirela hor arreman gordeak beren piso guziekin loharkazi egiten dituztenak gure salto nekatuak.

Lotxak gaxtatzen nau gaur. Baino badakit aski fite nere bizi ertxian laketuko naizela.

Eta gehienek ni bezala egingo dutela. Esperantzak illunduak ditut. eta ez dut ikusten nundik etortzen ahal liteken argitasuna.

Barkatu nere umore illun hau. Ez da bertzalakoa izaten ahal holakoetan.

Errandoneko Joset



Egun on deneri !

Agindu bezela, ementxe nauzue gaur ere.

Aro ederra dugu, eta justu den bezala ez naiz luzez idazten ariko gaur. Denbora euritxokuak etorriko zaizkigu seguraski eta heietan plazertua izanen naiz zuekin kalakan aritziaz.


Ala ere, gaur goizeko argazki batzuek erakusterat eldu naiz, ohart zaizten begiak idekitzia aski izaten dela Agorretan edertasuna menperatzeko.





Goizean goiz, Larrun emaztea zeru lañotxuari desafioka asia zen.

Ego aldero, Fuenterrabiak brumazko kapelu bat luzatzen zuen Jaïzkibeleko aldean :







Zeroko lañuen eta itxasoko espuman erdian, bruma tirada lodi bat, bi munduak partizekotan.
Bruma hori beti egun ederra eldu delako sinailia izaten da. Izanik ere zerua tristia, fiatzen ahal da. Eta gaur ere brumak bere agintzeak atxiki egin ditu...


Goizen goiz Agorretan baditugu gure usarioak, denetan bezala !

Etxeko nagusia, gosalduezkio, hor abiatzen da bidexkan pausu batzuek egiterat. Bere makila eskuan hartu, zakur bat ero bi aldean, hor joaten da, oinez, kapelua buruan eta palto lodi bat bizkarrean.

Ikusten  duzue gure gizona ?

Urratxa liraina du eta pausua luzia.

Ez da erres sinisten duela bi urte,  87 urteko atton zuzen hau erdi illik uzten zutela gehienek.

Eta heietatik, ni...

Nork pentsa orduan berritz ain ongi etorriko zela gure Joset ?

Jende zahar horiekin, ez dela deusetaz harritu behar...



Goizea zabaldu alian, gure lañuak zeruan bakandu eta seko desagertu egin dire :




Behazazue Txingudy iduzkiez argitua.




Emen, gure Zaldi, bere batarioko izenez, Luna.

Etxe aintzinean den xoro zabal hortan egoten da.

Goizero horek ere badu bere usarioa, Josetek baizik.

Agorretako balkoinen azpirat urbiltzen da, eta han, burua goiti eta dei batzuek eginez bere zaldi mintzarian, ogi mutur bat galdetzen nau.

Eta ogi mutur hura eman artekorik, ez du barkatzen gure zaldik. Ederra bezin kasketosua baita...


Iduzki aldean, gure Larrunek bidaliak ditu tapatzekotan zituen laño gehienak :




Zerua arindua da seko. Azkeneko brumek eskapo egitekotan dire mazel hotzenetan.


Orain, gaur goizeko eguraldia luzez eta zabalik komentatu zauzteten kasuan, goazen denak gure Agorretako Joseten gazte denbora bisitatzerat.

Gozo gozo, bere buelta egin eta, iduzkia artzerat jarria da alkiaren gainean, bere zakurrekin :




Berotzen du pareta zoko hortan. Kondatzeko umorean da Joset.

Adi zaun zer duen gaur errateko.


Duela hirurogei eta amar urte urbildutako istoriak dire. 
Utzi gaurkoa eta parti zaun !


Denbora haietan, Agorretako Joset, ez zen Agorretakoa. 
Errandoneakoa zen. Bi etxeak auzoak dire. Argazkietan ikusten duzue landa bat, Zaldi ibiltzen den hura, eta landa haren mugan, etxe tropa bat. Gibelean urbil, janeko, karrika.

Etxe tropa hartan da Errandonea. Agorretatik orain gordia da, zen eta ba dire batimenduak ezkoztik eginak.

Gerla ondoan, ez ziren inguru hauetan bizpahiru baserri bertzerik. Eta Agorreta eta Errandonea bat bertziari kupet ematen zioten.

Bertze batean erran bezala, Errandonean, Legorburu familia bizi zen. Burasoak Ego aldetik eskapo eginak ziren, Españiko gerlaren ondorioz.
Ez ziren segiduan Errandonean bizitu. Pasa zituzten bizpahiru urte baserri batetik bertzerat. 

Joset Urruñan sortua da, Munbullu Baîta izena duen etxe batean. Bere anaia Leon, Endaian berritz, baino Moleresen.

Joseten aïta, Gabriel Legorburu, gizon alferra omen zen. Hori mingain latzeko jendean arabera, nik erran behar eta...
Gabrielek bazuen afizioa idietan. Luzez izandu ditu idi pareak, nehorrek neska ttikia nintzelarik ikusi ditutenak.. Eta heiekin egiten zituzten lan gehienak, uztarrietan jarri eta.

Kanpañako gizona izanik, beharrezkoa zuen lanari piska bat lotzia ala ere.

Bere semearen arabera, nahiago omen zuen plazetarat azaldu, merkatuetan tratuetan zituen xox pizarrak jokatu (eta gehienetan galdu !).

Omen...

Badakizue nola diren gauzak. Fama auro gaxtatzen da !
Ezin ukatua dena, bere seme alabek ez zutela estimo haundietan begiratzen beren aïta.

Ez omen ziren maiz asetzen, bedi erdi miserian bizituz. Zardin zahar bat partitu behar izaten omen zuten afari gisa.

Han eta emen erdi ibatsiz pazkatzen zuten beren burua.

Aïtatori erran dioten bezala, haunditzerat, ez zuten ba itxura txarrik, bost anai-arrebek.
Janeko erakutsia zauztet, baino begirazue berritz :




Joset, neretzat Aïtato, erdiko muttil hori da. Ez ditu matel ezur ihartuak ba ! Eta begira zizue bi aïzpak, Pantxika eta Tottepiñ, ez ote dira planttakoak ?

Jaun andriak berak aski plaxentak dire : Gabriel, erdian zabalik, eta bere emaztea, Mayi, neretzat Amatxi mamia. Emazteki pollit bat, bere muñuarekin, bisaria zabala eta begitarte eztia.

Nik ala izagutu dut. Baino nere amazenak erraten zuen arabera : "Bai, alu bat ederra, emakume hori ! "
Behazue nola estimatzen zuten elkar bi auzoko familiak !
Agorretako Olaziregik, (nere amen alde), lanari errotik emanak, zurrak eta erdi koskak.
 Eta Errandoneko Legorburuek, (aïtaton xeniriak), alferrak, orgulloz galdutako tristeak.

Nik beti ola aditu diotet aipatzen bat bertzen berri.
Orain, urtiak eta urtiak pasatu dire, baino, ala ere, piska bat ezkazalekin arrotuz, urbil atxematen dire bat bertziaren mesprezioak.
Zer nahi zue, lehengo istorio zaharrak luzez bide egiten dute eta...

Dena dela, gure Joset deliberatua zen Errondeniatik eta bere aïtaren itzaletik ahal bezin fite ihes egitia.

Soldadu joan baino lehenosio, begiak botariak zituen Agorretako Karmenen alderat. 
Karmen Olaziregitarren alaba bakarra zen. Denbora haietan, neska- mutillek ez zuten Meetikik.
Orduan, kondu asko atera gabe, antollatzen ziren auzoko paradekin.

Gure Joset, gosiaz aspertua, konformatu zen auzuan zuen urbillenakin. Ez nauzki xehestasun asko eman. Badakizue, aïta-alaba baten artean, gauz horiek ez direla beti errex argitzen. Ez ditiot bortxaz aitorrazi nahi bere gazte denborako sekretuak.

Hau, gure "bloka" da. Eta nahi dituenak partitzen dizkiegu Aïtatok...

Orain erakusten zauztet Karmen, nere amazena, denbora haietan :







Ogei-eta bost urte inguruetan zituen. Agorretako Karmen Olaziregui. Iñazio eta Manuelan alaba.
Urruntxio aipatuko dituguna.


Joset soldarozkuan ibilli zen Alemanian. Lehenbiziko aldia zuen etxetik kanpo doazilla.
Xarmanki pasatu omenzuen. Aseka fierak eginez omen. Joan zenian ez omen zituen hirurogei eta amar kilo. Etortzerako dozena bat gehio irabaziak zituen... 

Emen duzue soldaduz :

























Eta bere lagunekin , pipa aboan.

Ongi begiratuz, sinailia du bai bisaria bete zaiola beharbada :





Barkatu beharko nauze. Ez naiz ongi trebe tekniko berri hauetan. Ohartzen naiz ba nere potreta zaharrak ez dutela ongi ematen emen.

Baino ala ere, idari bat egiteko manera baduzue, ez da ala ?

Dena dela, orra gure istorioaren astapena.

Joset Legorburu Errandonetik ateratzekotan da Agorretarat sartzeko.

Urrungoan aipatuko zauztet, bere anai arreben arremanak.

Oraingodik, krakada egiterat jautsi behar dut Aïtatonat.

Hori ere Agorretako eguneroko usario bat da. Bostak inguruetan, krakada !

Haurrak bezala. Izanik ere aspalditik adina joana...


Bertze bat arte, nere lagunak, eta ongi pasa biharkua !